XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Data eta sinadura

140. Laburrak ez diren albiste guztiak datatu egiten dira.

Lehenbiziko orrialdeko albisteak ez dira datatzen, oso erreportaia bereziak izan ezean.

Data daramaten artikulu guztiak sinatu egiten dira.

Sinadurak artikuluaren egilea adierazten du, edo, bestela, albistearen iturria: agentzia jakin bat edo erredakzio lana.

141. Sinatzeko izen-abizenak erabiltzen dira.

EGUNKARIAko kazetariek ez dute ezizenez sinatzen.

Ezta kolaboratzaileek ere.

Salbuespena: izen artistikoak eta ezizen ezagunak.

Pertsona batzuk ezizenez dira ezagunak; esate baterako, Txillardegi edo Amatiño.

Izen-abizenak osorik idazten dira, ahal izanez gero.

Abizena, behintzat, ez da inizialez emango, ez baldin badago orrialde berean pertsona berak sinatutako beste artikulurik; kasu horretan, nagusian osorik idazten da, eta bestean inizialez.

Bi kazetari badira egileak, izenen inizialak eta abizen osoak idazten dira, ez badago beste artikulu nagusiagorik orrialde berean.

Sinatzeko beste modu hauek ere badaude:


a) Agentzia jakin bat; adibidez, Vasco Press.
EGUNKARIAk kontratatutako albiste-agentziaren izena jartzen da sinaduraren tokian, albistearen iturri bakarra agentzia hori bera denean.
b) Agentziak.
Agentziak jartzen da sinaduraren tokian, iturria agentzia bat baino gehiago denean, edo kontratatutako agentziak beste agentzia batzuetatik eskuratu duenean albistea.
c) Erredakzioa.
Kasu honetan, informazioa ez da agentziakoa, edo agentziak eskainitakoa beste iturri batzuekin osatu da.
Hala ere, kazetariak ez du informazioa zuzenean jaso: prentsa oharrak, telefonoz jasotako zenbait berri, irrati edo telebistatik jasotako berriak sartzen dira multzo honetan.
Nolanahi ere, erredakziotik irten gabe ere, albistea landu egin denean, artikulua sinatzea komeni da.

142. Data albistearen jatorri tokia da.

Berri baten jarraipena egiteko kazetaria erredakziotik irten eta albistearen sorburuan egon denean, sorburu hori aipatzen da datan.

Pilota partidua Astelena pilotalekuan ikusi badu kazetariak, Eibar izango da data.

Iñaki Perurena elkarrizketatzeko Leitzara joan bada, Leitza izango da data.

Datak adierazten du albistea erredaktatu duena bertantxe egon dela.

Beraz, aurreko adibideen kasuan, pilota partidua telebistaz ikusi badu kazetariak, edo Perurena telefonoz elkarrizketatu badu, erredakzioaren tokia agertuko da datan.

Agentzien sinadura duten artikuluetan, agentziek markatutako data jartzen da.

Erredakzioa denean sinadura, gure erredakzioetako bat jartzen da datan.

Bi tokitan erredaktatu bada albistea, edo agentzien iturria bikoitza bada, data bikoitza jartzen da.

Bi data baino gehiago ez da jartzen inoiz.